XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) hura alboan zuela, egunkariaren orriak pasa zituen, harik eta pilota-kronikaren orrialdera heldu zen arte.

Handik bost bat minutura begirada jaso zuen egunkaritik, ostatu aldetik zetozen hanka hotsak entzunda.

Xabier agertu zen lehenbizi.

Haren atzetik, ikuskatzailea eta Periko, Jose Mariri sotoko lanetan laguntzen zion arabiar itxurako etorkina.

-Ez didazu langile honen berri eman.

-Nor da?

-Non ditu paperak? jakin nahi izan zuen ikuskatzaileak.

Jose Marik sorbaldak jaso zituen.

Ez zeukan zertan kezkaturik.

Zigortu egingo ote zuten, bada, noizik behinkako lanen ordainetan txanpona batzuk irabazten zituen gizarajo hari laguntzeagatik?

-Ni ez naiz hona datorren guztiari paperak eskatzen ibili zale.

-Horixe behar genuke! pipertu zitzaion Jose Mari.

Ordu arte ez bezala nabarmendu zitzaion txuleatzaile planta ikuskatzaileari:

-Zigortuta dago langile klandestinoen kontrata.

-Jakin behar zenuke.

Jose Mariren aldarte irmoa ahultzen hasita zegoen.

Eta hik uste duana baino larriago baldin bada etorkin hezur-beltz bati lana ematea?

Garai latzak bizitzea tokatu zaiguk, Jose Mari! pentsatu zuen.

Gero, sekulako gorroto baten erremina sentitu zuen erraietan.

Martin putakume lerdepoltsa hori!

Larrutik ordainduko didak.

Une hartan Maria Luisa agertu zen sukalde aldetik.

Eskuak lehortu zituen amantalaren ertz batekin.

-Zer gertatzen da? galdetu zuen, lau gizonei banan-banan begiratuta.

Jose Marik ikuskatzaileak esandakoaren berri eman zion.